Besteak adina badelako
Gabriel Aresti sortu zen etxean plaka paratuta, idazlea omendu eta aspaldiko zorra kitatu du Bilboko Udalak
Herritarrek landatutako haritza azalpenik eman gabe kendu zuen duela lau urte
Irune Berro Bilbo
Gabriel Aresti idazle bilbotarra (1933-1975) jaio zen etxean haren omenezko plaka jarrita, bilbotarren aspaldiko eskakizuna bete du Bilboko Udalak. Arestiri merezitako omenaldia egitea, alegia. Barroeta Aldamar kaleko 2. atarian paratu duen plaka aurkeztu zuen atzo Iñaki Azkuna alkateak, Arestiren jaiotzaren 75. urtemugan, Meli Esteban idazlearen alarguna alboan zuela. Ekitaldian, halaber, Ibone Bengoetxea Kultura zinegotzia, Xabier Kintana euskaltzaina eta Arestiren oinordekoak izan ziren.
Ekitaldira bildutakoen txalo artean aurkeztu zuen plaka Estebanek, eta euskaraz mintzatzeko joerarik ez badu ere, euskaraz irakurri zituen Azkunak Arestiri eskainitako lerro batzuk. «Idazle handia izan zen Aresti, zelan ez genuen bada omenduko», leitu zuen alkateak.
Alabaina, Arestiren senide, lagun eta irakurleek zenbait urtez itxaron behar izan dute udalaren omenaldia bertatik bertara bizitzeko. Sarri askotan kexatu dira, eta salatu dute Bilbon sortutako beste idazle batzuk laudatzen dituen bitartean -Blas de Otero eta Miguel Unamuno, esaterako-, udalak Arestiri merezitako gorazarrerik egin ez diola inoiz.
Izan dute horretarako arrazoirik: Aresti zendu eta hamar urtera, 1985ean, Mintzabarullo kultur taldearen ekimenez, idazle bilbotarraren omenezko haritz bat eta harri bat paratu zituzten haren senide eta lagunek Arte Eder museoaren aurreko plazan. Urteak eman zituzten bertan haritzak eta harriak, harik eta inolako azalpenik eman gabe, 2004. urte hasieran udalak kendu zituen arte.
Meli Estebanek Iñaki Azkuna alkatearekin berarekin hitz egin zuen udalaren erabakiaren zergatia azal ziezaion, baina haritza eta harria bere tokira itzultzeko ahalegin guztiak antzuak gertatu ziren. Udaleko teknikariek ez zituzten beren tokira bueltatu.
Arestiren omenezko haritza berriro ere landatzeko erabakia lau urte geroago hartu zuen udalak. Mintza Barullo eta Gabrielen Lagunak elkarteen ekimenez, Casilda Iturrizar parkean erein zuten arbola 2008ko ekainean. Azkunak berak gidatu zuen ekitaldia.
Atzo ere bai. Euskara batuan idatzi zuen lehen bilbotar idazlea eta haren obra goraipatu zituen. Eta Harrizko herri hau poemarioko Kale artean izenburuko obra errezitatzera ausartu zen: «Askaotik Sendejara / Bilbaon / esperantza / oso mehar, ilun eta laburra / da». Arestiren lanen artean kutunena duela adierazi zuen alkateak. Xabier Kintanak Nire aitaren etxea poema errezitatu zuen, horren ondoren.
Meli Estebanek, berriz, protagonismorik ez zuen nahi, eta ekitaldian hitz egiteari uko egin zion. Kazetariek bultzatuta hartu zuen hitza, urduri samar eta hunkiturik, ekitaldia amaitu ondoren. «Nahiz eta 33 urte pasatu diren hil zenetik, ez dut lortzen halakoetara ohitzea. Urtero joan behar dut toki batera edo bestera. Jendeak -batez ere jende gazteak- miresten duela uste dut. Horrek izugarrizko poza ematen dit. Haren obra zenbateraino atsegin duten jakitea pozgarria da niretzat», adierazi zuen Estebanek.
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2008-10-15&orria=039&kont=006

Últimos comentarios